‘Tipularen sehaska kanta’ dokumentala emango dute azaroaren 8an

 

Azaroaren 10eko Memoriaren Egunaren harira, urritik abendurako programa zabala antolatu du Orioko Bizikidetza Batzordeak. Hirugarren emanaldia azaroaren 8an egingo dute, datorren asteartean, eta Lander Garroren Tipularen sehaska kanta dokumentala izango da ikusgai.

Sare Herritarrak eta Gastibeltza Filmak ekoiztetxeak sustatutako proiektua da Tipularen sehaska kanta. 2021ean crowdfunding kanpaina jarri zuten abian, eta 16.000 eurotik gora bildu zituzten ikus-entzunezkoa finantzatzeko. 1942an kartzelan hil zen Miguel Hernandez poeta valentziarraren Nana de la cebolla olerkia du oinarrian, eta analogia historikoa egiten du filmak: 1936ko gerran preso hiltzeak zentzurik ez bazuen, zentzurik ba ote du gaur?

Garroren proiektua 2022ko otsailean estreinatu zen Donostian, eta udaberrian herriz herri aurkeztu dute dokumentala. Hilaren 8an, Memoriaren Eguneko programaren barruan, doan izango da ikusgai Orioko kultur etxean, 19:00etatik aurrera.