‘Eta hik zer?’ antzerki-foruma egingo da azaroaren 22an

 

Azaroaren 10eko Memoriaren Egunaren harira, urritik abendurako programa zabala antolatu du Orioko Bizikidetza Batzordeak. Datorren saioa azaroaren 22an egingo dute, asteartea, eta Baketik Fundazioaren Eta hik zer? antzerki-foruma eskainiko dute.

Antzerkia gizarteko indarkeriak eta gatazkek eragindako sentimenduei, kontraesanei eta arketipoei heltzeko tresna gisa erabiltzea proposatzen du ekimenak. Bi orduko esperientzia pertsonal batean datza, eta ikusleei euskal gizartearen iraganeko gatazka berriro gogora ekartzeko aukera ematen die, ondoren, taldearen etorkizunari leku berri batetik aurre egiteko. 

Pieza laburrak ikusi ondoren, ikusleek atal bakoitza aldatzeko aukera izango dute. Pertsonaien arteko bizikidetza hobetzeko proposamenak plazaratzen dituzte, eta, gero, nahi izanez gero, antzeztu egiten dituzte.

Hilaren 22an, Memoriaren Eguneko programaren barruan, doan izango da ikusgai Orioko kultur etxean, 19:00etatik aurrera.