Apirilaren 14an, asteartearekin, ‘Beltzean mintzo. Ameriketako jatorrizko hizkuntzen arnasaz’ dokumentala proiektatuko da Salatxo aretoan, 19:00etan hasita.
Dokumentala Garabide elkarteak prestatu du, Jon Sarasuaren zuzendaritzapean. Jon Sarasua bera izango da Orion asteartean, dokumentalaren aurkezpena egiten eta ondoko solasaldia bideratzen. Bideoak 45 minutu inguruko iraupena du.
Orioko Udalak eta Garabide elkarteak hitzarmena sinatu zuten 2013an, elkarlana bideratzeko garapenaren eta hizkuntza normalizazioaren alorrean; eta hitzarmen horretako konpromisoen artean dago, aldian behin, horrelako ekitaldi eta proiekzioak egitea herrian.
Ameriketako jatorrizko hizkuntzak eta euskara
Garabide elkarteak urteak daramatza harremanetan Ameriketako jatorrizko hizkuntzen aldeko elkarteekin eta, elkarlan horren fruitu, hainbat aldiz antolatu du master bat, honako helburuarekin: euskara biziberritzeko Euskal Herrian azken hamarkadetan egin dugun bidea konpartitzea beste hizkuntza gutxiagotu batzuetako hiztunekin.
Dokumentalean hiztun horien hitzak eta iritziak jasotzen dira: nola ikusten dute hemen egin dugun bidea? zertan zaie baliagarri? eta, bestalde, zer dugu guk haiengandik ikasi eta jasotzeko?