Otsailaren 13an zabalduko da epea haurrak hezkuntza arautuko ikastetxeetan matrikulatzeko eta, matrikulazio-aldi hori hasi baino lehen, Udalak eskuorri bat buzoneatuko du gaur.
Udaleko Hezkuntza Batzordeak prestatu duen eskuorriaren bidez, Orioko ikastetxeei buruzko informazioa zabalduko du Udalak herriko etxe guztietara. Lehenbiziko aldia da hori egiten duela eta, eskuorria banatzearekin, bi helburu nagusi lortu nahi ditu Udalak: batetik, herrian dagoen eskaintza zabalaren berri ematea, eta, bestetik, Orioko haurrek herrian ikasteak duen garrantzia azpimarratzea.
Orion bi ikastetxe ditugu —IPI Zaragueta Herri Eskola eta Orioko Herri Ikastola— eta bestelako lau hezkuntza-eragile: Maria Maestra Haurreskola, Danbolin Musika Eskola, Ludoteka eta Gaztelekua. Guztien artean ederki asetzen dituzte herriko haur eta gazteen ikasketa- eta aisialdi-beharrak eta Udalak bereziki nabarmendu nahi du oso kalitate oneko eskaintza daukala herriak hezkuntza formalaren alorrean. Bai Zaragueta eskolak eta bai ikastolak euskaraz irakasten dute eta bat datoz herriaren ezaugarriekin eta apustu estrategikoekin: kalitatezko hezkuntza euskalduna eta eleaniztuna, euskal kulturaren transmisioa eta sustapena, Orioko curriculumean oinarritutako edukiak, herrian txertatutako jarduerak, inplikazioa, errespetua, hezkidetzaren lanketa, ingurumenaren zaintza…
Gaur banatuko den eskuorriaren edukia Udaleko Euskara eta Hezkuntza batzordeak landu du, ikastetxeekin elkarlanean.