Euskara indartzeko eskolak hartzen ari dira herriko bi ikastetxeetako haurrak

 

Udalaren ekimenez eta AEKren laguntzaz, errefortzu-eskolak hartzen ari dira eskolako eta ikastolako 23 ikasle. Etxean euskara jaso ez duten eta euskara-maila hobetzeko premia duten gaztetxoak dira. Urtarrilaren 16an hasi zituzten saioak, eta apirilaren bukaera arte luzatuko dira.

Lau taldetan banatuta daude ikasleak, adinaren eta mailaren arabera: bi taldek ikastetxean bertan hartzen dituzte eskolak, eguerdian (bat Zaragueta eskolan eta bestea Ikastolan), eta beste biek Euskaltegian, arratsaldez.

Udalak aspalditik antolatu ditu errefortzu-eskolak udan, baina azken hiru urteotan ikasturtearen barruan ere eskaini izan ditu, ikastetxeetatik egindako eskariari erantzunez.