Orioko Udala eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa (GKEF) Orio Denontzat egitasmoa lantzen hasi ziren iaz, eta ekimen horri lotuta, Kirolaz haratago erakusketa jarri dute ikusgai kultur etxean. Atzo, urtarrilak 25, egin zuten irekiera-ekitaldia, eta han izan ziren, besteak beste, Blanca Aranguren GKEFko presidentea eta Amaia Elizondo komunikazio-arduraduna; Orioko Udaleko alkate Anuska Esnal eta Hirigintza Batzordeko Jose Angel Iparragirre eta Ana Priede zinegotziak; Berdin-Berdinak kirol-elkarteko presidente Miren Salsamendi; eta pilota egokituan aritzen den Joseba Altuna kirolari oriotarra. Erakusketako argazkiak egin dituen argazkilaria ere, Fernando Zamarbide, aretoan izan zen, entzule.
Orio Denontzat ekimenaren ibilbidea azalduz ireki zuen saioa Elizondok: «Prozesu parte-hartzailea izan da, eta helburu nagusiak desgaitasunaren eta aniztasunaren inguruko errealitateak ezagutzea eta herriko irisgarritasuna hobetzeko egin beharreko lana aztertzea izan dira». Herritarrei zabaldutako hiru bilera ireki egin zituzten udaberrian. Udazkenean, berriz, eskoletara zabaldu zuten ekimena, eta sentsibilizazio-saioak egin zituzten herriko bi ikastetxeetan. «Ikasleen begirada zabaltzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Gainera, unitate didaktiko bat sortzeko aukera izan genuen, eta oso eskertuta gaude horregatik», gaineratu zuen. Egitasmoaren hirugarren pausua da Kirolaz haratago erakusketa.
Herritarren ahotsa
Anuska Esnalek, bere aldetik, Udalaren ikuspegi-aldaketan jarri zuen fokua: «Udalak onartu izan ditu irisgarritasun-planak, aurreko legealdietan, eta haiei lotuta, esku-hartze batzuk egin ditugu: zebra-bideak igo, ate automatikoak jarri… Baina plan horiek politikoak dira, eta guretzat garrantzitsuena herritarren ahotsa entzutea izan da, zailtasun horiei egunero aurre egin behar dieten horiena». Esan zuenez, horregatik jarri ziren harremanetan GKEFrekin, eta egindako bidea «oso aberasgarria» izan da.
Hiru alorretan eragin dutela esan zuen Esnalek: batetik, Udalean, herritarren begirada jaso dutelako Hirigintza Batzordean eta hori exekutatzen ari direlako; bestetik, eskoletan, haur eta nerabeei kirola beste ikuspegi batetik egiteak ekarpen handia egin dielako (hala jaso dute herriko bi eskoletatik); eta azkenik, herritarren artean, erakusketak haien begirada aldatuko duela uste duelako. «Hezkuntzatik, hirigintzatik, kiroletik… eragin daiteke aldaketa, denontzako herri bat eraikitzeko», gehitu du.
Blanca Arangurenek hartu zuen hitza, ondoren, eta Oriok eredugarri jokatu duela nabarmendu zuen. Horri esker, hemen egindako prozesua beste udalerrietara zabaldu nahi dute orain: «Kirola egitera iristeko, desgaitasunen bat duen pertsonak etxetik atera behar du aurrena, eta bizitza soziala egin. Hori gabe, inor ez da hasiko pentsatzen kirola egin behar duela. Horregatik, herriak berak beso zabalik hartu behar gaitu, eta gauzak erraztu. Hori gertatu zaigu Orion, eta eskerrak eman beharrean gaude Udalari eta herriari». Prozesuan ikasitakoari balioa eman dio, eta azpimarratu du kirolari buruzko legeetan gertatzen ari diren aldaketek ate berriak, «ate automatiko berriak», zabalduko dituztela.
Erakusketako argazkietako batean Joseba Altuna pilotari oriotarra ageri da eta hark ere parte hartu zuen ekitaldian, Elizondoren galderei erantzunez: kirolak poztasun handia ematen diola nabarmendu zuen, eta otsailean hasiko den txapelketan jokatzeko gogo biziz dagoela, «Pala nire bizitza delako». Bertso bat ere kantatu zuen Altunak, saioari bukaera emateko. Elizondok, azkenik, Udalarekin elkarlanean jarraitzeko asmoa berretsi zuen.
Erakusketa eta hitzaldia
Kirolaz haratago erakusketa otsailaren 9ra arte izango da ikusgai kultur etxeko areto nagusian, hango ordutegian. GKEFak azken urteetan antolatutako txapelketetako argazkiak jasotzen ditu, gehienak Fernando Zamarbidek eginak federazioarentzat.
Erakusketaz gain, otsailaren 8an, beste jarduera bat ere antolatu dute Udalak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak: Ibon Oregi triatleta zarauztarraren hitzaldia. Kultur etxean izango da, 18:00etan hasita, eta kirolariak bere ibilbideaz hitz egingo du.