Urtarrilaren 17an abiatu zen ‘Ongizate emozionala eta autozainketa’ ikastaroa

 

Orioko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako sailak Ongizate emozionala eta autozainketa ikastaroa antolatu du aurten aurrenekoz. Izena emateko epea abenduan zabaldu zen, eta lekuak berehala bete ziren. Saioak urtarrilaren 17an hasi zituzten, eta abendura bitarte, hilean bitan elkartuko dira (udan etenaldia eginda).

Ikastaroak izandako arrakasta ikusita, 17 laguneko taldea osatu dute (aurreikusitakoa baino zertxobait handiagoa), baina hainbat lagun itxaron-zerrendan geratu dira, eta taldekideren batek maiz huts egingo balu, haiei eskainiko zaie lekua.

Ikastaroaren helburua da tresnak eskaintzea norbere autoestimua hobetzeko eta barruko korapiloak askatzeko, ongizate emozionala lortzeko. Saioa Garmendia da gidaria; 20 urteko esperientzia du zaintzaile-lanetan eta aditua da ongizate emozionalean.

Garmendia eta Gizarte Zerbitzuetako arduradunak pozik daude proposamenak herritarren aldetik jaso duen erantzunarekin, eta aurrerantzean ere halako eskaintza bermatzen ahaleginduko dira.