2022ko ekainaren 1ean sartu zen indarrean TAO sistema berria, hiru denboraldi bereizten dituena: behe-denboraldia, ertaina eta udaldia. Aste Santuarekin batera, denboraldi ertainean sartuko gara eta, ondorioz, Aparkatzeko Udal Txartela ez daukatenek tiketa atera beharko dute hondartza aldean eta Munton aparkatzeko, asteburuetan eta jaiegunetan, ordutegi honetan: 10:00 – 20:00.
Balorazioa
Aurtengo ekainaren 1ean beteko da urtebete TAO sistema berria indarrean sartu zela, eta Udalak urteurrena baliatuko du horren balorazioa egiteko, herritarrekin, merkatariekin eta ostalariekin, guztien iritziak eta hobekuntza-proposamenak jasotzeko.
Mugikortasuna, ardatz
TAO sistema abian jarri aurretik ere, azken urteetan, neurri garrantzitsuak hartu ditu Udalak, herriko mugikortasuna hobetzeko, betiere oinezkoei lehentasuna emanda: Herriko Plaza oinezkoentzat prestatu, zirkulazio eta aparkalekuen ordenantza berriak onartu, motoentzako eta ibilgailu luzeentzako aparkalekuak egokitu, autokarabana-guneak eta bertakoentzako eremuak sortu, zebra-bideak altxatu, bidegorri-sarea osatu…
Bide horretan sakonduz, uda aurretik pasarela jarriko da oinezkoentzat Bizkarreneko etxearen parean, moilako paseoa lotzeko eta, bestalde, Udala hasita dago aztertzen zein irtenbide eman herriko zubiari, bizikletentzako pasaera ere izan dezan.