Mutiozabal, tradizioa aitzindari

 

Mutiozabal biziberritzeko proiektuak urrats garrantzitsuak egin ditu azken hiletan. Albaola Itsas Kultur Faktoriarekin elkarlanean, ontziola eraberritua prest dago herriko itsas ondare aberatsa ondorengo belaunaldiei eta lurralde osora zabaltzeko. Ekimenaren bilakaera eta helburuak azaldu dizkigu Adrian Garcia Melero Udaleko turismo-teknikariak.

Eusko Jaurlaritzak monumentu kategoriako kultura-ondasun izendatu zuen Mutiozabal 2018an, eta Orioko Udalak 2016an erosi zuen eraikina. Zerk bultzatu zuen erabaki hura?

Hasteko, ezinbestekoa da erriberako ontziolek islatzen dutenaz jabetzea. Ondarea zentzu zabalean ulertu beharra dago hemen, eta ez eraikin soil gisa. Euskal Herriko ibaietan, eta bereziki, Oria ibaian, paisaiaren parte izan ziren ontziolak. Iraganeko bizitzeko modu bat irudikatzen dute; kultura bati lotuta dagoen jarduera bat, jakintza oso zehatz baten oinarria duen lanbide bat, industria oso bat. Mutiozabal ontzigile-familia bat izan zen, Euskal Herriko itsas historian egundoko ekarpena egin zuena. Besteak beste, Euskal Herrian oso-osorik eraikitako lehen lurrunontzia egin zuen. Beste datu garrantzitsu bat: mutiozabaldarren plano-bilduma originala da garai haietatik kontserbatzen den handienetakoa, eta hari esker dakigu euskal teknologia punta-puntakoa zela. Horrenbestez, berebiziko garrantzia du administrazio publikoek ondare hori berreskuratzea, suspertzea eta zabaltzea.

Mutiozabal ontziolan 1980an utzi zioten ontziak egiteari, nahiz eta 2008ra arte konponketa-tailer gisa erabiltzen jarraitu zuten. 2011-2015 aldian, Orioko Udalak lehen harremanak hasi zituen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eraikinaren etorkizuna aztertzeko, eta Mutiozabalen historia eta herrian izandako pisua ezagutarazteko hitzaldiak antolatu zituen. 2016an Aldundiak eta Udalak hitzarmen bat izenpetu zuten, Mutiozabal Udalaren jabetzapean geratzeko. Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzei esker zaharberritu zen eraikina gero. Udalaren asmoa beti izan da Orioko itsas ondarea babestea, suspertzea eta zabaltzea.

Nola eragin du Orioko Biziberritze Planak Mutiozabalgo proiektuaren definizioan?

Bi prozesu paralelo izan dira, elkarri lotuta garatu direnak. Elkar elikatu dute, biak direlako proiektu biziak. Mutiozabal izotz-mendiaren punta besterik ez da; Oriok duen itsas ondare aberats eta zabalaren lagin bat. Gipuzkoan zutik dagoen erriberako ontziola bakarra denez, Mutiozabalek aukera bikaina eskaintzen digu ondare hori ezagutu eta transmititzeko. Herriko ikurra da, Biziberritze Planaren helburuak osatzeko tresna. Iruditzen zaigu herri-kontakizuna eraikitzeko plataforma egokia dela, zer izan garen eta zer garen zabaltzeko bozgorailua.

Zein bilakaera izan du proiektuak 2019tik hona? Zein izan dira ibilbide horretako mugarri garrantzitsuenak? 

Albaolak Mutiozabalen proposatu duen proiektua aitzindaria da, eta horrek erronka asko ekarri ditu. Bizirik dagoen egitasmoa da, eta bere bide propioa egiten ari da. Martxan jartze hutsa mugarria izan da, ikasleei itsas ondarearekiko interesa piztea lortu duelako. Neska-mutilak jarri ditugu egurra lantzen eta erabat motibatuta egon dira, zerbait bereziaren eraikuntzan parte hartu dute-eta; Orioko tradizioarekin eta bizitza sozialarekin lotura handia duen ontzia eraiki dute: ala bat.

Bestalde, eraikinari lotutako gorabeherak izan dira. Monumentu kategoria du, eta hortaz, nahiz eta jabea Udala izan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare departamentuaren baimena behar da edozein egokitzapen egiteko. Horrek asko zaildu eta atzeratu du dena: baimen-eskaerak, erantzunaren zain egon beharra… Izan ere, eraikina bere horretan, obra bukatu zenean, ez zegoen prest han inolako jarduerarik egiteko. Eraikina zaharberrituta zegoen, bai, baina barruko egoera ez zen aproposena. Plataforma bat jarri behar izan da, lurreko zuloa estaltzeko, eta garbiketa txiki bat egin. Beti gorde behar izan dugu proiektuaren beharren eta monumentu kategoriak ematen dion babesaren arteko oreka.

Horrez gain, Mutiozabal ondoan dagoen Frantses fabrikaren lokal bat egokitu behar izan du Udalak, ontziolaren osagarri gisa. Komunak, aldagelak, ura… gutxieneko azpiegitura bat beharrezkoa zuen Mutiozabalek jarduerak egiteko.

Bestalde, COVID-19aren izurriak dena geldiarazi zuen egun batetik bestera, eta oso astiro eta nekez itzuli gara aurreko egoerara.

Zein paper jokatu du Albaola Itsas Kultur Faktoriak Mutiozabalgo proiektuaren bilakaeran? 

Albaolaren jarduna estu lotuta dago Oriorekin. Albaola bera ezin ulertu daiteke Orioko ontzigintzak historian egindako ekarpenik gabe. Pentsa, elkarteak eraiki dituen ontzietatik zortzi Mutiozabalgo planoetan oinarritu dira. Plano-bilduma horri esker ezagutzen ditugu garaiko euskal teknologiari buruzko datu ugari, eta, neurri handi batean, Albaola konprometituta dago ondare hori suspertzen eta bistaratzen, bere izateko arrazoiaren parte delako. Albaolak hasieratik indarra jarri du transmisioan. Argi du Mutiozabalen egin beharrekoa lotuta dagoela itsas ondarea zabaltzearekin, eta transmisio horretan giltzarri direla gaztetxoak. Proiektua haientzat zerbait erakargarria egiten saiatu dira eta, lehen balorazioen arabera, bete-betean asmatu dute.

Belaunaldien arteko ezagutzaren transmisioa du oinarrian proiektuak. Zer ekarpen egiten die horrek herritarrei?

Herriaren nortasunarekin berriro konektatzea; hori da proiektuaren funtsa. Denok dakigu Orio herri arrantzalea dela, eta arrantzak berebiziko pisua izan duela herriaren garapenean. Baina are indartsuagoa izan zen errioaren bazterretan sortu zen industria-sarea, mendeetan horrek bultzatu zuelako Orioren bizitza soziala eta ekonomikoa. Garai hartako ontzigile, arotz, artisau… onenek egiten zuten lan erriberako industrian. Mutiozabal da iragan horren ikurretako bat, eta iragan baliotsu horrekin konektatzen lagunduko digu. 

Iazko udazkenean proba pilotua egin zen Orioko ikastetxeetako gaztetxoekin. Zer balorazio egin da horren inguruan? 

Proba pilotuak jarduerari neurria hartzeko balio izan die Albaolako arduradun, arotz eta begiraleei. Itsas ondarea eta arotz-lanak bakarrik ez, beste gauza asko deskubritu dituzte haurrekin lanean. Hasteko, autonomia eta konfiantza landu dute. Eta Albaolako langileek antzeman dute beste gauza garrantzitsu bat: digitalizazioan bete-betean sartuta gauden honetan, tailerrean sartu eta patxadaz, zerra baten laguntzarekin, eskuekin ontzi bat eraikitzea esperientzia eraldatzaile eta apurtzailea dela ikuspuntu pedagogikotik. Ikastetxeen balorazioa ere jaso dugu, eta oso positiboa izan da. Dinamikoa, erakargarria eta didaktikoa. Hitz horiekin deskribatu dute ekimena irakasleek.

Proiektua zein fasetan dago orain? Non jarriko dituzue indarrak datozen hiletan?

Ikasturte bat oso-osorik emateko prest dago proiektua. Esan bezala, gorabehera asko izan ditu, hastapenak gogorrak izan direlako. Proiektu berritzailea da, inoiz ez da inon horrelako ezer egin. Horregatik, etapa bakoitzaren ondoren, hausnarketa sakona egin dugu egitasmoaren arduradunok. Eraikina ere beharretara egokitu dugu, betiere monumentu kategoriak ezartzen dituen berezitasunak errespetatuta. Orain asmoa dugu, hurrengo ikasturtetik aurrera, Mutiozabalgo tailerren eskaintza beste ikastetxeei zabaltzeko.