Orioko Nazioarteko Estropaden 18. edizioa izango da aurten. 2018an 17. ekitaldia jokatu zenetik, eta Covid19aren izurria tarteko, Orio Arraun Elkarteak ezin izan du txapelketa antolatu azken urteetan. Estropadak apirilaren 22an jokatuko dira, larunbatarekin, Anibarko Portu paretik hasi eta N-634 errepidearen zubiraino.
Aurtengo estropadetan bost arraun elkartetako arraunlariek parte hartuko dute, neska eta mutil, 18:00etan hasita, eta zortziko lemazainduneko modalitatean lehiatuko dira (arraunketa olinpikoko modalitate erregina).
Oriokoa izango da parte hartzen duen Euskal Herriko arraun elkarte bakarra, eta berarekin batera, kanpoko beste lau elkarte izango dira kategoria bakoitzean:
- Emakumeetan: Nantes (Frantzia), CN Sevilla (Espainia), CN Amposta (Espainia) eta Oporto (Portugal).
- Gizonetan: Nantes (Frantzia), LC Labradores (Espainia), Oporto (Portugal) eta AV Grenoblois (Frantzia).
500 metro luzeko estropadak, txandaka
Estropada-eremuak bost kale izango ditu eta arraunlariek 500 metro luzeko estropadak jokatuko dituzte elkarrekin, final moduan. Estropada bakoitzean puntuak banatuko dira (5 lehenengoari, 4 bigarrenari, 3 hirugarrenari, 2 laugarrenari eta 1 bosgarrenari), eta ondoren, taldeek kaleak aldatuko dituzte.
Guztira 8 estropada jokatuko dira, zortzi minutuko txandetan:
- 18,00 etan 1. Seriea W8+ / Emakumeak
- 18,08 etan 1. Seriea M8+ / Gizonak
- 18,16 etan 2. Seriea W8+ / Emakumeak
- 18,24 etan 2. Seriea M8+ / Gizonak
- 18,32 etan 3. Seriea W8+ / Emakumeak
- 18,40 etan 3. Seriea M8+ / Gizonak
- 18,48 etan 4. Seriea W8+ / Emakumeak
- 18,56 etan 4. Seriea M8+ / Gizonak
Eguneko programa
Hau izango da eguneko programa:
– 12:00 Euskal parrilla plazan (antxoak eta garagardoa).
– 12:30 Arraunlarien aurkezpena.
– 18:00 Nazioarteko estropadan errioan
– 19:30 Euskal parrilla plazan (hanburgesa eta garagardoa)
– 20:00 Patxi Sarasua Zumetari aitortza egingo zaio udaletxeko balkoian, arraunketa olinpikoa sustatu eta garatzen egindako lana goraipatzeko, eta jarraian, sari-banaketa ekitaldia egingo da.
– 21:30 DJ Aros
– 23:30 DJ Xanta
Goizetik hasita, musika izango da egun osoan Herriko Plazaren inguruan. Txapelketari lotutako jai-giroa 01:00ak arte luzatuko da.
Ibai Ondo, itxita
Apirilaren 22an Ibai Ondo kalea trafikoari itxita egongo da, 17:30etik 19:30era.