Erdi mailako kultura eta festetako teknikaria ordezkatzeko hautaketa-prozesuan aurrera egiten ari da Orioko Udala. Maiatzean kaleratu zuen deialdia Lanbideren bidez, eta hautagaiek ekainaren 1era arte izan dute aukera izena emateko. Guztira, 98 curriculum jaso dira, eta horietatik 35ek lortu dute gutxieneko puntuazioa (5 puntu). Oinarrietan zehaztutako irizpideak jarraituta, hautagaien behin-behineko zerrenda ebatzi du epaimahaiak: hauxe.
Emaitzak aztertuta, 14 hautagaik baino ez dute egiaztatu euskarazko nahitaezko profila (C2) eta, ondorioz, horiek dira zerrendan lehenak. Nolanahi ere, oinarrietan jasotakoaren arabera, hautagai horiek uko egiten badiote lanpostua betetzeari, gainerako hautagaien hurrenkera hartuko da kontuan.
Interesatuek hiru eguneko epea dute behin-behineko zerrendari alegazioak aurkezteko; hau da, ekainaren 7ra arte aurkeztu ditzakete.