DBHko ikasleek kirol-portuaren alboko duna-eremuko landare inbaditzaileak erauziko dituzte datorren astean

 

Herrio natur taldeak deituta, herritar-talde bat elkartu zen maiatzaren 21ean, Orioko kirol-portuaren ondoan dagoen duna-eremuko landare inbaditzaileak erauzteko. Eremua zabala da, eta ezin izan zuten osorik garbitu. Horregatik, herriko bi ikastetxeetako ikasleek hartuko diete orain erreleboa, eta datorren astean, ekainaren 13tik 15era, eskolako eta ikastolako DBHko hiru talde ariko dira lanean.

Orioko Udala arduratuko da beharrezko baliabideak eskaintzeaz, eta eskola-orduetan arituko dira, goiz bakoitzean talde bat. Inguruko aparkaleku batzuk okupatuko ditu Udalak egun horietan, edukiontziak-eta jartzeko.