Frantziako Tourra dela-eta, Orioko sarrera-irteerak erabat itxiko dira uztailaren 3an

Frantziako Tourra Bilbon abiatuko da aurten, eta Oriotik uztailaren 3an pasatuko da, astelehenarekin. Antolatzaileek prestatutako planari jarraituz, N-634 errepidea eta Txanka-Hondartzako irteera erabat itxita egongo dira bost orduz, 12:00etatik 17:00etara, eta tarte horretan, ezin izango da herrira sartu edo herritik atera.

Txirrindulariak Zarauztik etorriko dira, eta N-634 errepidetik egingo dute Usurbil aldera. Txankako errotondan, Igeldoko errepidea hartuko dute, eta handik jarraituko dute Donostiarantz. Aurreikuspenen arabera, txirrindulariak 15:10-16:10 artean pasatuko dira Oriotik.

Horregatik, N-634 errepidea eta Igeldoko errepidea 12:00etatik 17:00ak arte egongo dira itxita. Tarte horretan, ezin izango da herritik irten edo herrira sartu, antolakuntzako eta parte-hartzaileen ibilgailuak etengabe pasako baitira ibilbidetik.

Ezustekorik ez izateko, egun horretako mugimenduak aurrez planifikatzeko gomendioa egiten die Udalak herritarrei.

Kontainerrak lekuz aldatuko dira

Probaren segurtasuna bermatzeko, ibilbideko hainbat tokitako kontainerrak lekuz aldatuko dira. Ekainaren 26an egingo da aldaketa, eta uztailaren 4tik aurrera bueltatuko dituzte beren lekuetara. Kasu gehienetan, beren lekutik pixka bat aldendu baino ez dituzte egingo, eta bizilagunek normaltasunez erabili ahal izango dituzte aste osoan.

Kokaleku hauetako kontainerrak mugituko dira:

  • Aita Lertxundi
  • Ibai Ondo
  • Anibarko Portua
  • Txanka
  • Benta aldea
  • San Martin