Arrantzale Eguna berreskuratu da aurten, San Pedro festei bukaera emateko

 

Herritar batzuek 2017an antolatu zuten Euskal Jaia, sanpedrotako festa-programaren barruan, XX. mendearen hasierako Orio eta orduko bizimodua jai-giroan gogora ekartzeko. Garai bateko inude eta artzainen konpartsa bat osatu zuten eta kalez kale ibili ziren. 2018an, berriz, antzinako euskal ezkontza bat irudikatu zuten, egun osoko festan; eta 2019an, azkenik, Arrantzale Eguna izeneko jaia antolatu zuten. Arrantzale Egunerako deialdi irekia egin zuten antolatzaileek, herritarrek figurante gisa parte hartu eta dantzatzeko. Deialdiak erantzun ezin hobea izan zuen eta dozenaka lagunek parte hartu zuten festan.

Pandemia dela eta, azken urteotan ez dute horrelakorik antolatu, baina aurten berriro heldu diote gaiari eta egun osoko jaia antolatu dute uztailaren 1ean, larunbatarekin, berriro ere Arrantzale Eguna izenaren pean.

Arrantzale Eguna antolatzeaz arduratzen den taldeak egun osoko programa prestatu du, herritarrekin elkarlanean. Apiriletik ari dira entseguetan, eta kalejira eta ikuskizun baten bidez, herriko arrantzale eta saregileei egingo diete aitortza. Guztira, 140 lagun inguruk parte hartuko du ospakizunean: 80 lagun inguru ariko dira dantzan, 25 bat kantuan, Pello eta Nikolasa erraldoiekin irtengo dira beste bospasei, 10 lagun inguruk arrantzako gurdiak eramango dituzte eta herriko elkarte gastronomikoetako beste dozena batek parrillan erretako sardinak eskainiko dizkiete herritarrei.

San Pedro jaiei bukaera emateko modu ederra izango da, eta Udalak gogoz babesten du herritarren ekimenez sortu eta antolatutako ospakizun hau.

Programa

  • 11:00Kalejira: Kultur etxetik aterako da eta herriko kaleetan barrena ibiliko da, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldearekin batera. Geldialditan, dantzak eta kantuak izango dira eta herritarrek aukera izango dute parte hartzeko.
  • 12:00Sardina-jana kalean: Herriko elkarte gastronomikoek prestatuta, herriko hainbat puntutan.
  • 13:00Ikuskizuna: Arrantzaleei ongietorria, saregileak, sardinerak, batelerak… Abesbatza eta Kaxarranka dantza ere izango dira, Herriko Plazan.
  • 14:30Arrantzale Eguneko bazkaria: Benta Zaharreko Mutiko Alaiak musika jarrita, Herriko Plazan.
  • 18:00Erromeria: Alaitz Roteta eta Ainara Saizar, Herriko Plazan.