Udako kultur programazioa kaleratu du gaur Udalak

Uztailean, abuztuan eta irailean, kultura kalera irtengo da Orion, eta musikaz, zinemaz, kirolaz eta antzerkiaz gozatu ahal izango da herrian. Hondartzatik hasi eta Mutiozabal plazaraino, 20 bat ekitaldi eskainiko dira datozen asteetan doan, eta, horrez gain, azken urteetan bezala, Gure Zirkuak abuztua igaroko du gurean. Eskuorria gaur banatuko da etxez etxe.

Uztailaren 8an abiatuko da programa Gartxot Unsainek eta Jaiotz Osak Mutiozabal plazan eskainiko duten GHAU ikuskizun bereziarekin, eta datorren asteburuan, uztailaren 14tik 16ra, 14. Bisiguaren Festa ospatuko da Herriko Plazan. Harekin bat eginez, Orioko Kanpina 5. Bandera, Orioko 23. Emakumezkoen Estropada eta Orioko Kanpina 11. Bandera kirol-probak jokatuko dira asteburuan errioan eta itsasadarrean, eta herria jai giroan murgilduko da berriro, San Pedro jaiak atzean utzi berri ditugun honetan.

Horrez gain, uztaileko eta abuztuko hiru ostiraletan zinema-emanaldiak izango dira hondartzan, Zinea Kalean programaren barruan, eta film hauek proiektatuko dira: Lara Izagirre bizkaitarraren Nora (jatorrizko bertsioan, euskaraz), akziozko Spider-Man: No Way Home (gaztelaniaz) eta Little Miss Sunshine klasikoa (euskaraz).

Musika izango da udako beste protagonistetako bat: 2. Antilla Reggae Jaialdian Belen Natali, GWA YA Reggae, Revolutionary Brothers eta Eira entzuteko aukera izango da uztailaren amaieran; abuztuan, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programaren barruan antolatutako organo-kontzertua bat eskainiko da elizan; eta irailean, NEOMAK euskal folk talde indartsuak joko du Herriko Plazan.

Aurten, gainera, antzerkiaz gozatzeko aukera izango da kalean: Hika Teatroaren eta Oinkari dantza-taldearen Gazte ikuskizuna izango da uztailean, Trapu Zaharra konpainiaren Turisteando kale-antzerkia abuztuan eta Cía Barréren NAO-NOW-NAU ikuskizuna irailean.

Hemen dago programa osoa:

Uztailak 8, larunbata: GHAU ikuskizuna, Gartxot Unsain eta Jaiotz Osaren eskutik. 19:30ean, Mutiozabal plazan.

Uztailak 14-16: 14. Bisiguaren Festa, Herriko Plazan.

Uztailak 15, larunbata: Orioko Kanpina 5. Bandera. KAE2 Liga. 14:00etan, errioan.

Uztailak 16, igandea: Orioko 23. Emakumezkoen Estropada eta Orioko Kanpina 11. Bandera. 11:25ean, itsasadarrean.

Uztailak 21, ostirala: Zinea Kalean: Nora (jatorrizko bertsioa, euskaraz). 22:00etan, hondartzan.

Uztailak 22, larunbata: Urpeko arrantza-lehiaketa. Antolatzailea: Muskuilu Harria. 9:00etan, kirol-portuan.

Uztailak 24, astelehena: Gazte ikuskizuna, Hika Teatroaren eta Oinkari dantza-taldearen eskutik. 20:00etan, hondartzan.

Uztailak 25, asteartea, Arrain txikien arrantza-lehiaketa. Antolatzailea: Muskuilu Harria. 9:00etan, kirol-portuan.

Uztailak 29, larunbata, 2. Antilla Reggae Jaialdia: Belen Natali, GWA YA Reggae, Revolutionary Brothers eta Eira. 17:00etan, hondartzan.

Abuztuak 4-29. Ostegun, ostiral, larunbat eta igandeetan, Gure Zirkuaren ikuskizuna. Mendibeltz futbol-zelaiaren ondoan.

Abuztuak 3, osteguna: Trophée Teink arraun-zeharkaldia Oriora iritsiko da. Arratsaldean, errioan.

Abuztuak 4, ostirala: Zinea Kalean: Spider-Man: No Way Home (gaztelaniaz). 22:00etan, hondartzan.

Abuztuak 6, igandea: Mola-Market. Artisauak eta musika. Egun osoan, hondartzan.

Abuztuak 18, ostirala: Zinea Kalean: Little Miss Sunshine (euskaraz). 22:00etan, hondartzan.

Abuztuak 25, ostirala: Turisteando kale-antzerkia, Trapu Zaharra konpainiaren eskutik. 20:00etan, hondartzan.

Abuztuak 26, larunbata: Organo-kontzertua Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan. 19:30ean, elizan.

Irailak 2, larunbata: Mola Five kirola eta festa uztartzen dituen jaia. Egun osoan, hondartzan.

Irailak 16, larunbata: NAO-NOW-NAU zirkua eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna, Cía Barréren eskutik. 19:30ean, Herriko Plazan.

Irailak 30, larunbata: NEOMAK taldearen kontzertua. 19:30ean, Herriko Plazan.