Mintzalagun programak harremanetan jartzen ditu euskaraz dakiten pertsonak eta ikasten ari direnak, astean ordubetez euskaraz hitz egiteko. Ikasturtean zehar 70 pertsona inguru ibili dira Mintzalagun programan Urola Kosta bailaran, hiruzpalau laguneko talde txikitan banatuta. Egitasmoak duen harrera onak bultzatuta, udan ere eskaintzea erabaki dute programaren arduradunek.
Aurtengo egoera kontuan hartuta, AEK-k ahalegin berezia egingo du jarduera espazio seguruetan eskaintzeko eta segurtasun-neurri guztiak betetzeko.
Ekainaren 11, izena emateko azken eguna
Udako Mintzalagun programan parte hartu nahi dutenek ekainaren 11ra arteko epea dute izena emateko. Horretarako, nahikoa da Orioko euskaltegira jotzea edo telefonoz deitzea, programaren arduradunari (Eukene): 625 485 215. Posta elektronikoz ere eman daiteke izena, urolakosta@aek.eus helbidera idatzita.