Programak bi helburu nagusi ditu: batetik, ikastetxeetan euskara izatea komunikazio-hizkuntza, orain arte bezala, eta, bestetik, euskaraz ez dakiten jatorri atzerritarreko herrikideei tresnak ematea, ulermena errazteko eta haien parte-hartzea bultzatzeko.
Ikastetxeek sustatuko dute euskara izatea hezkuntza-komunitateari kohesioa ematen dion hizkuntza, komunitatea batzen duena, eta, programa honen bidez, bide berriak bilatuko dituzte euskaraz ulertzen ez dutenak komunitatera hurbiltzeko, parte aktiboa izan daitezen.
Orioko Udalak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Zaragueta Herri Eskolak eta Herri Ikastolak abiatu dute programa. Abiapuntua hezkuntza-komunitatea bada ere, aurrera begira, herrira zabalduko dira egiteko modu berriak.
Programaren gakoak
Hauek dira programaren gako nagusiak:
- Orio euskaraz bizi den herria da, eta horrela jarraitu nahi du. Orioren tankerako herri euskaldunak erabakigarriak dira euskarak iraun dezan.
- Guraso batzuek ez dakite euskaraz, eta horien parte-hartzea bermatu behar da. Garrantzitsua da beren seme-alaben integraziorako.
- Euskaraz dakiten eta ez dakiten familien arteko harremanak sendotu nahi ditu programak. Konplizitatea landuko du, jarrera adeitsu eta eraikitzaileekin eta, horretarako, ezinbestekoa da espazioak konpartitzea.
- Ikastetxeetan tresna eta egiteko modu berriak abian jarriko ditugu ikasturte honetan: aldibereko itzulpenak, talde-dinamikak, testuak eta mezuak euskaratik norbere hizkuntzara itzultzeko baliabideak…
Talde eragilea
Zaragueta Herri Eskolak eta Orioko Herri Ikastolak 2023-2024 ikasturtean ekingo diote programari; baina apiriletik ari dira bilerak egiten, prozesua antolatzeko. 10 laguneko talde eragile bat sortu da programa bideratzeko eta hor ordezkatuta daude bi zentroetako irakasle eta gurasoak, UEMA eta Udala.
Bilera horietan aztertu dituzte eskoletan hizkuntzari lotuta sortzen diren zalantzak: oharrak nola idatzi, familia-elkartearen komunikazioetan edo whatsapp-taldeetan nola jokatu, bilerak nola egin… eta korapiloak askatzeko proposamenak landu dituzte.
Gurasoekin bilerak
Bi ikastetxeetako gurasoei programa azaltzeko bilerak izango dira datozen egunotan:
- Zaragueta Herri Eskolan: Irailaren 6an, asteazkena, 16:00etatik 18:00etara.
- Orioko Herri Ikastolan: Irailaren 11n, astelehena, 18:00etatik 20:00etara.
Bi saioetan aldi bereko itzulpena egongo da gaztelaniara. Itzulpena jaso nahi dutenek Telegram aplikazioa instalatu beharko dute mugikorrean eta aurikularrak eraman.
Aldaketa demografikoari erantzunez
Herri euskaldunetako biztanlerian aldaketa demografiko handiak gertatzen ari dira azken urteotan, eta horrek eragin zuzena du eskoletan. Erronka nagusi bati erantzun behar diote: nola indartu euskararen erabilera eta presentzia hezkuntza-komunitatean, betiere euskaraz ez dakiten familiekiko komunikazioa bermatuz eta kulturarteko harremanak eraikiz.
Erronkari erantzuteko, proba pilotu bat abiatu zuen UEMAk Zaldibian, 2021-2022 ikasturtean, eta, ondoren, Aizarnazabalen, Ondarroan, Leitzan eta Ibarran egin zuten lanketa. 2023-2024 ikasturtean, zabaldu egingo da proiektua eta, besteak beste, Orioko bi ikastetxeetan ere egingo da.