Azpeitiko Kimubat taldearen Furgobaratza zerbitzu ibiltaria Oriora helduko da bihar, irailak 14, ostegunarekin. Orioko Baratze Parkean egongo da 18:00etatik 19:30era, eta hazien eta hazitegien inguruko tailerra emango dute han, irekia interesatu guztientzat. Baratzegintza eta lorezaintza ekologikoari buruzko zalantzak argitzea da tailerraren helburua eta garaiko haziak eta landare ekologikoak erosteko aukera ere izango da.
Furgobaratza zerbitzu ibiltaria da, tutoretza eta produktu ekologikoen salmenta eskaintzen duena. Azpeitiko Kimubat taldearen eta Kutxa Fundazioaren elkarlanetik abiatu zen proiektua duela hamarkada bat, eta ordutik, apiriletik urrira, herriz herri ibiltzen da furgoneta. Hemen kontsultatu daiteke iraileko egutegia.
Orioren kasuan, Udalarekin eta baratzeko erabiltzaileekin adostuta, sei bisita egiten ditu urtean, eta Baratze Parkean jartzen da furgoneta. Gaian interesa duten herritarrei zuzendutako hitzordua izaten da, eta ordu eta erdian, zalantzak argitzeko eta haziak eta landareak eskuratzeko aukera izaten dute parte hartzen dutenek. Besteak beste, landareen gaixotasunen, landaketa garaien eta erabili beharreko ongarrien inguruko informazioa ematen dute, eta bertako barietateez gain, landare eta hazi komertzialak eta exotikoak ere izaten dituzte salgai.
Orioko Baratze Parkea
Aurreko legealdian hasi zen Udala herriko baratzeen proiektua lantzen, eta baratzeak 2021ean jarri ziren martxan, herritarren laguntzarekin. Egitasmoaren inguruko lanketa sakona egingo da datozen hiletan, baina, nolanahi ere, Udalarentzat txalotzekoa da erabiltzaileek bi urte hauetan egindako lana.
Beraz, gogoratu biharko hitzordua: 18:00etatik 19:30era Orioko Baratze parkean. Animatu!