Irailarekin batera zabaldu zen Orioko Euskaltegian izena emateko epea, eta ostegun honetan, hilak 21, bukatuko da. Ohi bezala, izena emateko hiru bide daude: bertatik bertara, Euskaltegira joanda; posta elektronikoz (orio@aek.eus); edo telefonoz deituta, 670 420 025 zenbakira (Amaia Olazabal).
Euskaltegian aukera izango da talde presentzialetan zein autoikaskuntzan izena emateko. Lehen kasuan, talde txikiak egingo dituzte, ikasleen mailaren arabera, eta astean 8 ordu emango dituzte: bina ordu astelehenetik ostegunera.
Hau da Euskaltegiaren eskaintza:
- 0 mailako ikastaroak
- Euskalduntzeko maila guztiak
- Azterketak prestatzeko ikastaroak (B1, B2, C1 EGA)
- Alfabetatze-ikastaroak
- EGA prestatzeko ikastaroa, astean bi egunekoa
- C2 maila prestatzeko ikastaroa
- Mintzalagun-taldeak
Autoikaskuntzari dagokionez, lana bakarka egiten du ikasleak, tutore batek gidatuta, etxean edo euskaltegian bertan (astean 4 orduz, gutxienez). Ondoren, astean behingo bilerak egiten ditu tutorearekin, lanak zuzentzeko, zalantzak argitzeko, zailtasunak bideratzeko eta ahozko euskara lantzeko; eta, astean behin mintza-saioa ere egiten du, beste ikasle batzuekin batera.
100 euroko matrikula
Orioko Udalaren nahia da oriotarrek moduz ikasi ahal izatea euskara eta, beraz, ikastaroen prezioa oso merkea da herrian erroldatuta daudenentzat: 100 euro, edozein ikastaro.
Udalarekin zorrak dituzten herritarrek ezin izango dituzte ikastaroak prezio horretan egin, eta matrikularen kostu osoa ordaindu beharko dute.
Orioko Udalak eta AEK-k iaz sinatu zuten kontratuaren arabera, Urola Kostako AEK arduratuko da aurten ere Orioko euskaltegiko zerbitzua emateaz.