Eskolaumeen literatur lehiaketaren sariak banatuko dira larunbatean

Udalak urtero antolatzen du eskolaumeen literatur eta marrazki lehiaketa. Aurtengoa 29. edizioa da. Argazkia 2015eko sari-banaketa ekitaldian Karkarak ateratakoa da.

Sari-banaketa, orain arte, San Pedro jaietan egin izan da; baina Udalak eta herriko bi ikastetxeek erabaki dute aurten aurreratzea eta Liburuaren Egunean egitea, apirilaren 23an, larunbatarekin. Ikasturtearen bukaera lan handiko garaia izaten da ikastetxeetan eta horregatik erabaki da aldaketa egitea. Aurrerantzean apirilean egingo da beti sari-banaketa, Liburuaren Egunaren bueltan.

Ekitaldia 13:00etan izango da, udaletxean, udalbatzarraren aretoan. Lan sarituen egileei liburu eta oroitagiri bana emango dizkie Udalak, aurtengo liburuaren ale banarekin batera.

Aurtengo liburua

Urtero bezala, sari-banaketa ekitaldian aurkeztuko da aurtengo lanik onenak biltzen dituen liburua. 100 orrialde inguruko liburu bat da, Orioko ume eta gaztetxoek egindako ipuin, olerki eta marrazkiak biltzen dituena.

lehiaketa16azala