Azken urteetako geldialdiaren ondoren, Orioko Udalak berraktibatu egingo du, aste honetan, kirol-eragileekin batera osatutako Kirol Mahaia. Hitzordua bihar izango da, urriak 3, asteartearekin, 19:00etan, udaletxeko udalbatzarraren aretoan, eta Udalak herriko kirol-eragileei dei egin die bilerara azaltzeko.
Bileraren helburuetako bat Orioko Udaleko kirol- eta gazteria-teknikari berria eragileei aurkeztea da: Julen Idarreta Cardona. Horrez gain, herriko kirol-egituraren eta azpiegituren azterketa egiten ari da Udala, eta prozesu horren barruan, eragile guztiak biltzen dituen foroa sortu nahi du, iritziak partekatzeko eta kirolaren inguruko gaiak aztertzeko.