Asteburu gazi-gozoa izan dugu herrian. Gozoa, larunbatean Sua eta Neomak taldeek Herriko Plazan eskainitako emanaldiak eszena zoragarriak utzi zizkigulako: belaunaldi desberdinetako herritarrak elkarrekin dantzan, giro ederrean, gustura… musika bitartekari ezin hobea baita, gure hizkuntza bezalaxe. Hitzordu aberatsa izan zen, zentzurik zabalenean, eta horregatik, oso pozik dago Udala.
Gazitik ere ekarri du, ordea, asteburuak: hondartza ondoko ahateen gunean sartu eta hango hegaztiei kalte handia eragin zieten igande goizaldean ezezagun batzuek. Udalak gogor gaitzesten du antzaren aurka egindako erasoa eta, horrekin batera, errespetua eskatu nahi du ahateen gunea zaintzeaz arduratzen den pertsonarekiko eta haren lanarekiko. Horrelako gertakariek kalte handia eragiten diote elkarbizitzari. Herrian ondo biziko bagara, ezinbestekoa da errespetua eta elkarren zaintza: pertsonen artekoa, jakina, baina baita animaliena ere.