Jasangarritasuna eta kirola uztartzen dituen Behoria Garbia jarduera egingo da urriaren 21ean itsasadarrean

 

Begi Bistanek antolatutako Behoria Garbia ekimena urriaren 21ean ospatuko da Orion eta Oria ibaiaren itsasadarrean. Egun osoko ekoturismo-jarduera izango da, eta ibaia kayak-ean jaisteko aukera izango dute parte-hartzaileek. Ekimena aurkezteko prentsaurrekoa egin zuten atzo Arraunetxen, eta bertan izan ziren Orioko Udaleko Anuska Esnal alkatea, Olatz Santamaria alkateordea eta Lourdes Salsamendi zinegotzia; Naiara Malave Begi Bistanen gerentea; eta Azahara Domínguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa diputatua. Izen-ematea zabalik dago Begi Bistanen webgunearen bidez.

Eguneko jarduera nagusia Oria ibaiaren jaitsiera izango da. Bi modalitate egongo dira: kayak-ean eta arraun-surfean. Lehen kasuan, hiru txanda egingo dituzte, eta Usurbilgo Txokoaldetik behera, ibaian eta ertzetan aurkitzen duten zaborra jasoko dute parte-hartzaileek. Hiruzpalau orduko iraupena izango du, eta izen-ematea zabalik dago, 12 euroan. Informazio osagarria, hemen.

Arraun-surfari dagokionez, Arraun Pote Zero Waste izena jarri diote jarduerari, eta kuadrillan egiteko alternatiba gisa proposatu dute. Arraunetxetik behera, ordutebeteko irteera izango da. Hiru txanda aurreikusi dituzte, eta horietan lehena jarduera inklusiboa izango da. Izen-ematea zabalik dago, 12 euroan. Informazio osagarria, hemen.

Bisita gidatuak

Kirol jardueraz gain, Orio herria eta arraunaren historia ezagutzeko bisita-gidatuak ere egingo dituzte egun horretan, euskaraz eta gaztelaniaz. Hauek dira ordutegiak:

  • Izan ginelako gara: Turismo-bulegotik abiatuta. 11:00etan euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz.
  • Arraunaren historia: Arraunetxetik abiatuta. 16:00etan euskaraz eta 17:00etan gaztelaniaz.

Bisitak doakoak izango dira, baina ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, hemen.

Tailerrak, erakusketak eta hitzaldiak

Egunean zehar, bi tailer labur eskainiko dituzte Mundua eraldatzen duten eko-ekintza txikiak izenburupean. Plastikoak sortzen duen arazo larriaren inguruan kontzientzia eragitea du helburu, eta doakoa izango da. 16:30ean eskainiko dute euskarazko saioa, eta 17:00etan gaztelaniazkoa. 

Horrez gain, Surfing for Science proiektuaren erakusketa izango da ikusgai egun osoan Herriko Plazan. Eta erakusketari lotuta, proiektuaren aurkezpena eta hitzaldia ere eskainiko dituzte 12:30ean, elebitan.

Arratsaldean, gainera, goizeko irteeretan bildutako hondakinen erakusketa jarriko da Herriko Plazan 17:00etatik aurrera, eta horren ondoren, 18:30ak arte, Pentsatzen dut, beraz, jarduten dut: mundua eraldatzen duten tokiko ekintzak solasaldiaren txanda izango da, plastikoaren kontsumoa murrizteko ahalegina egitea erabaki duten pertsonekin. 

Egunarekin bukatzeko, azkenik, sari-banaketa ekitaldia egingo dute. Goizeko irteeretan hondakin gehien jaso dituzten kayak-ak sarituko dira, hainbat kategoriatan banatuta. 

Informazio osagarria, Begi Bistanen webgunean.