Azaroaren 4rako aurreikusita zegoen skate-parkea inauguratzeko festa, baina bertan behera geratu zen eguraldi eskasagatik, eta parkearen erabiltzaileek data berria iragarri dute orain: azaroaren 18a, larunbata. 15:30etik aurrera, haur eta gaztetxoentzako tailerrak, skate librea eta afari-modukoa egingo dituzte, eta maila guztietako erabiltzaileak eta herritarrak gonbidatu dituzte ekitaldira.
Skatearen inguruan ibiltzen diren herritarrentzako topagunea da skate-parkea. Urriaren 20tik erabilgarri dago parke berria, eta bizia berreskuratu du instalazioak. Horregatik, oso pozik daude erabiltzaileak eta festa giroko inauguratzeko ekitaldia antolatu dute larunbat honetan, Udalaren laguntzarekin.
15:30etik aurrera, tailer irekiak egingo dituzte, 18:00ak inguru arte, eta momentu horretatik aurrera, skate-parkean modu librean ibiltzeko aukera izango da. Bukatzeko, afari-modukoa eskainiko dute. Gonbidatuta zaudete!