Gabonak ate-joka ditugu, eta herrigunea apainduko duten argiak instalatzen hasi dira dagoeneko udal-langileak. Aurreko urteetako eredua jarraituko du Udalak, eta herriaren izaerarekin lotutako argi eta apaingarriak jarriko ditu. Horrez gain, herrigunetik kanpo, auzoetara zabaltzeko ahalegina ere egingo du.
Arkupe merkatarien eta ostalarien elkartearekin elkarlanean egin du Udalak argien lanketa. Iaz Aritzaga kalean instalatutako balea itxurako argiak erosi zituen elkarteak, eta aurten, Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren laguntzarekin, beste argi batzuk eskuratu ditu. Arkupek abenduan egingo duen kanpainan emango du argi horien berri.
Horrez gain, iaz jarritako argi berberak instalatuko dira herrigunean, eta udal-brigada Kale Nagusiko eta eliza inguruko argiak jartzen hasi da dagoeneko. Datozen egunetan instalatuko ditu Mutiozabal ontziolako, baporeetako, Eusko Gudariak kaleko, Herriko Plazako eta biribilguneetako apaingarriak ere.
Auzoetara zabaltzen
Iaz bezala aurten ere, Anibarko Portuan Gabonetako argiak jarriko dira, eta berritasun moduan, plantanondo handiak ere apainduko dituzte.
Abaromendiren kasuan, aldiz, aurten aurrenekoz jarriko ditu Udalak, eta auzoaren sarrerako biribilgunea eta beste zeinbait gune apainduko ditu.