Eusko Jaurlaritzak hasiera eman dio Anibarko Portuko 6 alojamendu dotazional esleitzeko prozedurari

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Orioko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten 2019an, Orioko Anibarko Portuko eremuan alojamendu dotazionalak sustatzeko. Alojamendu edo bizitoki horiek bukatuta daude dagoeneko eta orain, Jaurlaritzak horiek esleitzeko prozedura abiatu du. Arauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten herritarrek eskabidea aurkeztu beharko dute abenduaren 4tik eta 22ra bitartean (biak barne).

Guztira, 6 bizitoki dira, logela bakarrekoak. Horietako bat, 43,42 m2-koa, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarrientzat egokituta dago. Gainerako 5 bizitokiek 29,86 m2 eta 36,76 m2 bitarteko azalera dute.  Bizitoki horien lagapena aldi baterako izango da: hilabetez hilabete emango da, eta gehienez urtebeterako eskuratu ahal izango da, nahiz eta epe hori urtero luzatu ahal izango den, gehienez lau alditan (beraz, lagapena gehienez 5 urtera luzatuko da).

Hauek dira bizitoki horietakoren bat erabiltzeko bete beharreko baldintzak:

– Etxebizitza babestuen eta bizitoki dotazionalen eskatzaileen erregistroan alta emanda egotea, alokairuko eskatzaile gisa, Orioko udalerrian edo Urola Kostako Eremu Funtzionalean: Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia. Mugikortasun urria duten pertsonek zein genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek aukera izango dute parte hartzeko, edozein dela ere eskatzen duten udalerria.

– Etxebizitza-eskaeraren titularretako batek, gutxienez, Orioko udalerrian erroldatuta izan beharko du agindu hau argitaratzen den datan. Dena dela, genero-indarkeria pairatu duten emakumeek eta mugikortasun urria egiaztatu duten pertsonek ez daukate baldintza hori bete beharrik.

– Agindu hau argitaratzen den egunean 36 urte baino gutxiago izatea. Izen-emate bateratuen kasuan, nahikoa izango da inskripzioaren titularretako bat 36 urtetik beherakoa izatea.

– 2022. urteko errenta-aitorpenaren zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 42.315 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea. Baldintza egiaztatzeko, izen-ematearen titular guztien diru-sarreren batura hartuko da kontuan. Mugikortasun urria duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko. Etxebizitza-eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonek ere ez dute diru-sarrerarik egiaztatu behar izango.

– Bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsonetako inork ez izatea etxebizitzarik jabetzan, azalera-eskubidean edo gozamenean, agindu hau argitaratzen den egunean. Dena dela, kontuan hartuko dira etxebizitzarik ez izateko baldintzaren salbuespenak, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 9 bis artikuluan ezarritakoak (urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren Azken Xedapenetako Bigarrenak erantsi zion artikulu hori aginduari).

Honela aurkeztu daitezke eskabideak:

– Telematikoki: Webgune honetan.

– Aurrez aurre: Zuzenean Zerbitzua (aurrez hitzordua hartuta), Andia kalea 13, 20004 Donostia, Gipuzkoa.

– Postaz: Dokumentazioa bidali Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara: Andia kalea 13, 20004 Donostia, Gipuzkoa.

Lotura honetan kontsultatu daiteke Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian abenduaren 1ean kaleratutako agindua, osorik.