Euskarazko produktuen katalogoa banatu du Udalak, aurten ere, ikastetxeen laguntzarekin

 

Udalak euskarazko produktuen katalogoa banatu du egunotan, herriko bi ikastetxeen laguntzarekin. Guztira, katalogoaren 1200 ale erosi ditu Udalak eta, herriko ikasle guztien etxeetara bidaltzeaz gain, herritarren eskura jarri ditu kultur etxean eta udaletxean.

Gabonetako opariei begira, euskarazko produktuak sustatu nahi ditu Udalak eta horretarako banatu du katalogoa.

Katalogoan agertzen dira euskaraz argitaratzen diren produktu egokienak eta haien inguruko informazioa (argitaletxea, prezio-tartea eta abar), etxeko haur eta gaztetxoek aukera izan dezaten euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko edo gozatzeko. Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu.

Katalogoa zortzi ataletan banatuta dago: musika, filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, gurasoentzako materiala, informatika eta jostailu eta jokoak.

Internetez ere bai

Paperean banatutako liburuxkaz gain, sarean ere eskuragarri dago katalogoa.

Katalogoaren webgunea etengabe eguneratzen da eta aukera ematen du bilaketak egiteko. Horrez gain, argitaratu berri diren produktuen informazioa buletin baten
bidez ere jaso daiteke.

Gabonen atarian gaudenez, katalogoa tresna baliagarri eta polita da haur eta gaztetxoei opariak euskaraz egiteko.