Sanikolasetan, zapia lepoan eta…

 

Iluntzeko 20:00etan hasiko ditugu gaur, abenduak 5, San Nikolas jaiak. 18:30ean hasiko dira giroa berotzen Pello eta Nikolasa, buruhandiak eta Danbolin Musika eta Dantza Eskolako txistulariak, eta 19:00etan Joselontxos txaranga batuko da festara. Udaletxeko balkoitik botako den etxafuegoak emango die hasiera festei, eta ekitaldira arrantzale zapia jantzita etortzeko deia egiten die Udalak herritarrei.

Asko eta askotarikoak izango dira datozen egunetan herria alaituko duten ekitaldiak; lotura honetan duzue eskuragai programa osoa. Eta horien artean nabarmentzekoa da, besteak beste, bihar, San Nikolas egunez, egingo den ekitaldi nagusia. Danbolin Musika eta Dantza Eskolako bandak kontzertua emango du Herriko Plazan, 18:00etan hasita, eta ondoren, jaietako sukaldari-taldea omenduko du Udalak. Ekitaldian izango dira Pello eta Nikolasa, Harribil dantza-taldea, Salatxo abesbatza eta udal-ordezkariak.

Moilako errepidea, itxita

Moilako errepidea itxita egongo da, segurtasunagatik, abenduaren 5eko 18:00etatik abenduaren 9ko 7:30ak arte. Abenduaren 6an, 7an eta 8an, dena den, 7:30-11:30 bitartean zabaldu egingo da, hornitzaileen ibilgailuentzat.