Gabonetako programa oparoa prestatu dute Udalak eta herriko eragileek

 

Gabonen atarian, urtarrilaren 5era bitarte herrian izango diren jardueren berri eman du Udalak. Urtero bezala, herriko eragileekin elkarlanean prestatu du programa, eta Mari Domingi, Olentzero eta laguntzaileen zein erregeen etorrerarekin batera, haur, gazte eta helduei zuzendutako beste hainbat jarduera izango dira.

Ostiral honetan, Herrio natur taldeak eta bi ikastetxeek antolatutako Jostailuen eta Liburuen Truke Azokarekin abiatuko da egitaraua. Herriko Plazan izango dira arratsaldez, materialak biltzen, eta larunbat goizean, 10:30etik 14:00etara, egingo da azoka, toki berean. Informazioa, hemen eskuragai.

Hilaren 21ean, aldiz, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako eta Salatxo abesbatzako kideak irtengo dira kalera, eta 18:00etatik aurrera, Gabonetako kontzertua emango dute. Hurrengo egunean, Harribil dantzataldeak, Salatxo abesbatzak, Danbolin Musika eta Dantza Eskolak, Talai Mendi elkarteak eta beste zenbait eragilek Herribil ikuskizuna taularatuko dute kiroldegian, 22:00etan.

Abenduaren 23an, bestetik, meta egiten saiatuko dira Herriko Plazan, eta Imanol Insausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariak arduratuko dira saioa girotzeaz.

Hilaren 24a herriko haurrei eskainitako egun magikoa izango da: 11:00etan hasita, kantu-jiran ibiliko dira bi ikastetxeetako haurrak. Arratsaldean, txokolate-jana izango da, Arkupe elkarteak prestatuta, eta segidan, Mari Domingiren eta Olentzeroren etorrera egingo da, Lera taldeak antolatuta.

Ondorengo egunetan ere, haurrentzako hiru saio izango dira:

  • Abenduaren 27an, euskal mitologian oinarritutako haur-jolasak, goizean pilotalekuan.
  • Urtarrilaren 3an, Munduari itzulia 80 egunetan bakarrizketa, 18:00etan, kultur etxean.
  • Urtarrilaren 4an, puzgarriak pilotalekuan (goiz eta arratsaldez).

Helduentzat, ordea, musika, bertsoak eta kirola izango dira nagusi:

  • Abenduaren 27an, Rivers of Babylon Spirit taldearen gospelkontzertua, 19:30ean elizan.
  • Abenduaren 29an, bertso-poteoa herriko txarangarekin, 18:30ean Herriko Plazatik hasita.
  • Abenduaren 31n, San Silvestre lasterketa: 11:00etan haurrak eta 12:00etan helduak, ikastola pareko plazatik abiatuta. 

Eta urtarrilaren 5ean, Erregeen Kabalgatarekin bukatuko da programazioa. Zubitik kiroldegira joango dira, udaletxean geldialdia eginda. Eta danborradan parte hartu nahi dutenek abenduaren 27an, 18:00etan, eman beharko dute izena kultur-etxean.