Orioko Udalaren proiektu estrategikoetako bat da herriko zaintza-eredua aldatzea. Agintaldi berriarekin batera, buru-belarri hasi da Udala horretan, eta Matia Fundazioaren eta Emagin elkartearen laguntza izango ditu prozesuan. Lehen urratsa herritarrekin batera emango du Udalak, otsailaren 25ean, Zaintzak Plazara! ekitaldiaren bidez, eta gonbidapenak aste honetan banatuko dira etxez etxe.
Helburua eta prozesua
Zaintzena hormen atzean gordetako gaia da, ezkutuan dagoena. Ahaztu egiten zaigu gu guztiok garela zainduak/zaintzaileak une oro, eta pertsonak adina modu, molde eta kolore dituela zaintzak. Udalak sukaldetik plazara ekarri nahi du zaintzen gaia, eta herriaren erdigunean jarri: gaur egungo eredua irauli eta zaintzen duen herri bihurtuko dugu Orio.
Horretarako, lehenik eta behin, gaur egungo zaintza eredua aztertuko da, diagnostiko parte-hartzaile bat egiteko: datuak landuko dira, aurrez aurreko elkarrizketak egin, eta eragileen arteko topaketak antolatu. Prozesu horretan bildutako informazioarekin, plan estrategiko bat diseinatuko da ondoren.
Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Europako Next Generation funtsen dirulaguntza jaso du.
Otsailaren 25eko ekitaldia
Bidea hasi besterik ez da egin! Gaiari zor zaion garrantzia eman eta merezi duen indarrarekin abiatu nahi du Udalak prozesua, eta horretarako, Zaintzak Plazara! ekitaldia antolatu du otsailaren 25ean. 11:30ean jarri du hitzordua, Herriko Plazan, eta herritar guztiak daude gonbidatuta.
Galdetegia
Bitartean, GALDETEGI BAT prestatu du Udalak, oriotarrek zaintzarekin dituzten ala izan dituzten bizipenak modu anonimoan jasotzeko. Informazioa oso baliagarria izango da herriaren gaur egungo argazkia egiteko. Galdetegia otsailaren 15era arte egongo da zabalik. Eskerrik asko parte hartzeagatik!