Oriaren Traineru Jaitsieraren aurtengo ekitaldia otsailaren 10ean egingo dute, larunbatarekin, Orioko Arraun Elkarteak antolatuta. 87 ontzik eman dute izena, eta 1.100 arraunlari inguru hurbilduko dira zitara. 15:40an hasiko da proba, errioan gora, eta, ohi bezala, Orioko zubiaren parean izango dute helmuga.
Oriaren Traineru Jaitsiera 1995ean antolatu zuen aurrenekoz Arraun Elkarteak. Traineru-denboraldia ekainetik irailera luzatzen denez, neguko entrenamendu garaiari argi pixka bat eman nahi izan zion eta, urteak aurrera, neguko zita garrantzitsuenetakoa bilakatu da inguruko traineruentzat.
Bi ibilbide, hiru bandera
Gaur, otsailak 8, egin dute ekimena aurkezteko agerraldia Orialkiren instalazioetan, eta OAEko presidente Jon Olasagasti eta Orioko alkate Anuska Esnal Oliden izan dira bertan.
Ohi bezala, bi ibilbide prestatu dituzte: 4.000 metrokoa, Sarikolatik irtengo dena, Llagut-Llaut, misto, jubenil, beterano eta emakumezkoen senior kategorientzat. Eta 6.000 metrokoa, Aginagako Mapiletik irtengo dena, senior mailako gizonezkoen traineruentzat. 15:40an dute hitzordua, eta hiru bandera izango dira jokoan, emakumeena, gizonena eta beteranoena.
Aurtengoa arraun-probaren 30. edizioa da.
Ibai Ondo kaleko sarbidea, itxita
Ibai Ondo kalerako sarbidea itxita egongo da moilatik, 15:00etatik 18:00etara, eta Salatxo tabernaren parean postuak jarriko dituzte. Herritik ateratzeko, beraz, Txanka-Hondartzako bidea erabili beharko da ordu horietan.