Urte hasieratik jasan dituzten murrizketak salatzeko, Orioko Eguneko Zentroko langileek elkarretaratzea deitu dute gaurko, otsailak 9. 19:00etan izango da, Herriko Plazan, eta Orioko Udalak bat egingo du deialdiarekin.
Karkara aldizkariak asteazkenean kaleratu zuen artikuluan jasota daude LAB sindikatuaren eta langileen adierazpenak: «Orioko Eguneko Zentroaren titularra Gipuzkoako Foru Aldundia da, baina azpikontratazio bidez Biharko Gipuzkoa enpresak kudeatzen du zerbitzua. Urtearen amaieran berregituraketa bat egongo zela esan ziguten, eta aldaketaren aitzakian lanaldi osoko lanpostu bat desagertu da eta lanaldi partzialeko bi lanpostu sortu dituzte», adierazi dute LAB sindikatuko iturriek.
Langileek gaineratu dutenez, «Egoera horretan ezin diogu erabiltzaile bakoitzari gustatuko litzaigukeen adina arreta eskaini, eta presaka ibili behar izaten dugu egunerokoan».
Artikulua osorik irakurri dezakezue lotura honetan.