Joan den larunbat iluntzean, Iberdrolaren transformadore bat hartu zuen urak, eta ondorioz, herriaren zati handi bat argirik gabe egon zen hainbat orduz. Etxebizitzetan ez ezik, beste hainbat eraikinetan ere izan zuen eragina: ostalaritza eta zerbitzu-establezimenduetan, eraikin publikoetan… eta Udala jakitun da egoerak eragindako kalteez.
Larunbateko itsasgora handiaren ondorioz kaltetu zen transformadorea eta, segurtasunagatik, beste batzuk itzali egin ziren. Ondorioz, argia moztuta egon zen hainbat orduz.
Klima-aldaketaren aurrean, erresilientzia kolektiboa
Azken hilabeteetan, gero eta gehiago nabaritu ditugu herrian itsasoaren gora-beherak: marea gero eta handiagoek maizago sortzen dituzte kalteak. Klima-aldaketaren ondorio zuzena da hori, eta Orio kostako herria den heinean, gero eta nabarmenagoa izango da.
Horren aurrean, Udalak uste du epe luzeko planteamendua egin behar dela eta egoera berrira egokitzeko estrategiak landu. Era berean, bizi dugun errealitateaz jabetu behar dugu guztiok, baita herritarrak ere, eta maila guztietako eragileekin elkarlanean eta indarrean dauden legeen baitan lan egin, egoerari erantzuteko.