Peugeot 205 motako 80 bat ibilgailu Euskal Herritik Marokora abiatuko dira igandean, otsailaren 18an. Bidaia solidario eta kulturala izango da, eta abiapuntua Orion izango dute, hondartzako aparkalekuan. 12:00etan martxan jarri aurretik, irteera-ekitaldia egingo dute hantxe bertan.
Urtero hainbat herrialdetako parte-hartzaileek egiten dute hegoalderanzko bidaia, basamortuko haurrei eskola-materiala eta bizikletak eramateko. Izan ere, auto bakoitzean bizikleta bat eramango dute bidaiariek, eta guztira 40 kilo eskola-material banatuko dute basamortuko herrixketan. Helburura iristeko 12 egun beharko dituzte, eta guztira 4.000 kilometro egingo dituzte. Ekitaldiari buruzko informazioa duzue eskuragai hemen.
Irteera, Oriotik
Peugeot 205ak igande goizean hasiko dira iristen Oriora. Hondartzako aparkalekuan haientzako gunea jarriko da, hotelaren parean, eta honenbestez, asteburu osoan ezin izango da han aparkatu, ostiraletik igandera. Barkatu eragozpenak.
Goizean izen-emateak eta bestelako prestaketa-lanak egingo dituzte, eta 11:30ean hasiko da irteera-ekitaldia. Azkenik, 12:00etan, basamorturanzko bidaia abiatuko dute, talde txikitan banatuta.