Hitzorduz betetako hilabetea izaten da martxoa Danbolin Musika eta Dantza Eskolako ikasleentzat. Saioetan lehena martxoaren 3ko dantza-emanaldia izango da. Ohi bezala, kiroldegian egingo da, 17:00etan, eta dantzarien senide eta lagunak daude gonbidatuta ekitaldira.
Hasteko, 4 eta 6 urte arteko 61 ikaslek dantza-saio bat egingo dute gai honen inguruan: urtaroak. Ondoren, 7 eta 13 urte arteko 116 dantzari aterako dira agertokira, eta euskal
dantzak eta orotariko koreografiak egingo dituzte.
Martxoaren 14tik 22ra, bestalde, instrumentuen emanaldiak egingo dira kultur etxean. Horien egutegiaren berri datozen asteetan emango du Danbolin Musika eta Dantza Eskolak.