Xanti Manterolari eta Patxi Olideni egindako elkarrizketak ikusgai daude ahotsak.eus webgunean

Udalak aspaldiko elkarlana du ahotsak.eus webgunea kudeatzen duen Badihardugu elkartearekin, Orioko adineko jendearen ahozko testigantzak jaso eta katalogatzeko. Elkarlan horren barruan, argitaratu berri dira Xanti Manterola Azpirozi eta Patxi Oliden Gonzalez de Txabarriri egindako elkarrizketak. Hemen daude ikusgai:

Xanti Manterolari iaz egin zion elkarrizketa Eider Arruti oriotarrak eta nagusiki itsasoko kontuak izan zituzten hizketagai. Gaia ondo ezagutzen du Xanti Manterolak eta kontu interesgarri asko jaso zizkion Eiderrek.

Patxi Oliden zenaren elkarrizketa, berriz, orain dela urte batzuk egin zuen Iñigo Gaiton oriotarrak, Orioko curriculumaren lanketaren baitan, eta orain landu eta jarri da ikusgai. Patxi gizon polifazetikoa zen eta gai asko jorratu zituzten elkarrizketan.

Ahotsak.eus proiektua

Adineko jendea altxor bat da, emateko asko daukana: hizkuntza bizi-bizia, eskarmentua, jakintza, kontakizun ederrak… ahotsak.eus ekimena abiatu duen Badihardugu elkarteak Euskal Herri osoko lagunen ondare hori biltzen du eta, Orioko Udalarekin elkarlanean, gure herriko jendearen testigantzak ere jasotzen ari da.

Elkarlan horri esker, dagoeneko 18 oriotarren testigantzak jaso ditu Badihardugu elkarteak.

Udalaren eta Badihardugu elkartearen asmoa da testigantzak jaso eta katalogatzen segitzea eta, pixkanaka, hasitako lana osatzen joatea.