Zaharren Babeslekua itxita egongo da egun batzuk, Udalak adjudikazio berria egin arte

 

Mikel Rekarte bi urtez arduratu da Zaharren Babeslekuko tabernaren martxaz; baina, orain dela pare bat hilabete, laga egin nahi zuela adierazi zion Udalari. Mikelek igande honetan, otsailak 25, utziko dio taberna kudeatzeari eta, ondorioz, taberna itxita egongo da egun batzuetan, Udalak adjudikazio berria egin arte.

Egun batzuk beharko dira establezimendua berriro martxan jartzeko. Batetik, prozesu administratiboa egin behar da: Udalbatzarrak titular berriari adjudikatu behar dio kontzesioa, kontratua sinatu eta beste tramite batzuk egin behar dira. Bestetik, gaur egungo titularrak lokala goitik behera garbitu behar du. Eta, azkenik, kudeatzaile berriak beharrezko prestaketak egin beharko ditu taberna ostera martxan jartzeko.

Udalak bitan jarri du martxan Zaharren Babeslekuko lizitazioa azken hilabetean. Lehenengoan hutsik geratu zen, aurkeztutako bi hautagaiek ez zituztelako baldintzak betetzen. Bigarren aldian, berriz, sei hautagai aurkeztu dira, eta prozesua burutzear dago. Azken pausoa datorren ostegunean emango du udalbatzarrak, adjudikazio berria onartuta.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie Mikel Rekarteri eta Antton Manzisidorri, bi urte hauetan Zaharren Babeslekuan eman duten zerbitzuagatik.