Kultur etxean eskuragai daude ‘Zopa’ antzezlana ikusteko gonbitak

 

Pasa den larunbatean Harribilek gaztetxean egin zuen dantza-emanaldiarekin hasi zen Korrika Kulturala. Korrikaren 23. edizioa Irundik abiatuko da martxoaren 14an eta Baionan bukatuko da 24an, igandearekin. Oriotik martxoaren 19tik 20rako gauean pasatuko da, gauerdian, eta horren aurretik eta ondoren, hainbat jarduera egingo dira Korrika Kulturalaren programaren barruan.

Datorren asteko ostiralean, Zopa antzezlana izango da ikusgai kultur etxean. Segurako Xirikara umorezko antzerki-taldeak iazko Euskararen Egunean estreinatu zuen ikuskizuna. Mirari Martiarena umoregile, gidoilari eta kazetari oiartzuarra arduratu da hitanoa oinarri duen gidoia osatzeaz, eta Idoia Uranga aktore eta zuzendariak gidatu du taldea.

Segurarren zopajale ezizenari egiten dio erreferentzia obrak, eta erretiro espiritual batean kokatzen da: «Erretirora pentsamendu batekin joaten zara, bada pentsamendu horiek guztiak baztertu egin beharko dituzu, ez duzu horrelakorik edukiko eta sorpresak izango dituzu», azaldu du Urangak.

Gonbitak eskuragai

Emanaldia doan izango da, baina gonbita hartu behar da aldez aurretik. 19:00etan hasiko da, kultur etxean, eta gonbitak eskuragai daude dagoeneko hantxe bertan. Animatu!