‘Bizkarsoro’ filmaren emanaldi bikoitza egingo dute bihar

 

Korrika Kulturalaren azken saioak egingo dituzte bihar, martxoaren 21ean. Josu Martinez zinemagilearen Bizkarsoro lana bitan proiektatuko da: goizean bi ikastetxeetako DBH3ko ikasleentzako emanaldia egingo da kultur etxean, 11:15ean hasita, eta iluntzeko 19:00etan, aldiz, proiekzio irekia, Salatxo aretoan. Sarrera doakoa izango da.

Josu Martinezek zuzendutako fikziozko film luzea da Bizkarsoro, iazko Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean estrainatutakoa, eta euskarak eskolan jasandako debekuei buruzko lan bat da. Kasu honetan, Ipar Euskal Herrian kokatua, Bizkarsoro izeneko alegiazko herri batean: «Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira bizkarsorotarrak. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna».

Filmaren ostean, Katti Pochelu ekoizlearekin hitz egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek.