Udalak eta herritar talde batek antolatutako Konponbidean al goaz Orion? jardunaldiaren barruan, ‘Oriotarron ordua!’ izeneko tailerra izango da ostegun arratsaldean Salatxo aretoan, 19:00etan hasita.
‘Konponbidean al goaz Orion?’ jardunaldia
2015ean Orioko Udalak gonbita egin zien herriko lagun batzuei, jatorri politikoko indarkeriak eragindako sufrimenduaz hitz egiteko. Udalak herritarrei egindako dei zabalari sei lagunek erantzun zioten eta horiek hainbat bilera egin dituzte dagoeneko, gaiaz aritzeko. Udaleko talde politikoek, beren aldetik, gaia landu dute elkarrekin eta egina dute bide bat, modu paraleloan.
Ibilbide horretan indarkeria politikoak eta terrorismoak gure eguneroko bizitzan eragin dituen ondorioetan zentratu dira eta parte-hartzaileek beren bizipenak konpartitu dituzte, nork bere sufrimenduak azalduz eta besteenak entzunez. Esperientzia interesgarria izan da eta, orain, herriari zabaldu nahi diote eta jende gehiago gonbidatu parte hartzera.
Udalak uste du garrantzizkoa dela parte-hartzea zabaltzea eta ahalik eta herritar gehien inplikatzea prozesu honetan. Horrela bakarrik lortu daiteke bizi izan dugun sufrimenduari hitzak jarri, elkarren minak eta arrazoiak entzun eta gogoeta konpartitu bat egitea.
Hiru ekitaldi, segidako hiru ostegunetan
Herritarren inplikazioa lortzeko ahalegin horretan, Udalak eta herritarren talde horrek, Bakeola zentroaren laguntzarekin, hiru ekitaldi antolatu ditu, Konponbidean al goaz Orion? izenpean. Dagoeneko bi saio egin dira, bi zineforum, eta ostegun honetakoa izango da jardunaldien azken ekitaldia. Herritar guztiak gonbidatuta daude parte hartzera.