Orioko Udalaren proiektu estrategikoetako bat da herriko zaintza-ekosistemaren eraldaketa, eta horri lotuta, lehen urratsak ematen ari da urte hasieratik. Datozen asteetan, sei saio antolatuko ditu Udalak zaintzaren alorrean lan egiten duten eta zainduak diren herritarrekin. Lehen biak apirilaren 18an izango dira, ostegunarekin, zerbitzu-hornitzaileei eta laguntzaile profesionalei zuzenduta.
Zaintza-ekosistema eraikitzearen helburu nagusia gaur egungo arreta-eredua birformulatzea da, pertsona ardatz gisa duen arretaren ikuspegitik. Eredu horrek zaintza behar duten adinekoen bizi-kalitatea bilatzen du eta horri ematen dio lehentasuna, haien beharretatik abiatuta. Horretarako, funtsezkoa da pertsonak bere nahien arabera bizitzen jarraitzeko behar dituen zerbitzu eta arreta guztien koordinazioa eta parte-hartzea.
Eredu berri hau diseinatzeko, Udalarentzat ezinbestekoa da zaintzaren alorreko profesionalen eta erabiltzaileen beharrak, kezkak, hutsuneak… ezagutzea, eta horretarako, gogoeta egiteko topagune izan nahi duten sei saio antolatuko ditu apiril-maiatzetan. Saio hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Europako Next Generation funtsen babesa dute.
Lehen saioa izan ezik, gainerakoak irekiak izango dira, eta interesatuek Gizarte Zerbitzuetara deitu dezakete parte hartzeko: 943 83 03 46 (luz 6).
Saioen egutegia
Apirilak 18, osteguna:
- 12:00etan Saregilen: Zerbitzu hornitzaileentzako saioa (Pinpirin, Eulen, Biharko) – Saio itxia
- 16:00etan Saregilen: Laguntzaile profesionalentzako saioa
Apirilak 25, osteguna:
- 12:00etan kultur etxean: +65 jubilatu eta prejubilatuentzako saioa (Zaharren Babeslekua, Oria Bizi, Ostargi…)
- 15:30ean Saregilen: Zaintzaile afektiboak (senideak, lagunak, …)
Maiatzak 14, asteartea:
- 11:00etan kultur etxean: Zainduak diren pertsonak.
Maiatzak 30, osteguna:
- 17:30ean Saregilen: Herriko komunitatea (Mugimendu feminista, Gaztetxea, etab.)