Ibai Marin oiartzuarrak kontzertua emango du Orioko kultur etxean abenduaren 2an, ostiralarekin, 22:30ean hasita. Azaroaren 11n zen egitekoa kontzertu hori; baina Ibai Marin gaixotu eta bertah behera geratu zen.
Gonbitak dagoeneko eskura daitezke
Ibai Marinen emanaldia doan izango da; baina, aretoaren aforoa mugatuta dagoenez, aldez aurretik hartu behar dira gonbitak. Udalak 120 gonbita prestatu ditu eta dagoeneko eskura daitezke kultur etxean bertan. Aurreko kontzerturako gonbita hartua zutenek ez dute berriro hartu behar.
Kontzertua Euskaraz bizi-bizi programaren barruan antolatu du Udalak.
Hira taldeko abeslaria
Ibai Marin orain dela urtebete inguru etorri zen Oriora bizitzera eta Bikamiotako KTA eraikinean entseatzen du, herriko beste taldeek bezala. Hira taldean ibili da orain arte, baina bidea egiten hasi da bakarlari gisa. Hira taldea erreferente bat izan da Euskal Herriko heavy metal musikan. 1998an sortu zen eta bost disko grabatu zituen. Taldea iaztik geldituta dago eta Ibai Marin bere kasa ari da orain han eta hemen kontzertu batzuk ematen eta, bakarlari moduan, disko bat prestatzen. Lehenbiziko aldia da Orioko kultur etxean joko duela.