Anbulatorio ingurua oinezkoentzat uzteko lanak hasiko ditu Udalak asteazkenean

 

Ikastola aurreko plaza herriko zabalgune nagusietako bat da, eta herritarren topagune izateaz gain, aisialdiari lotutako jarduera ugari egiten dira hor. Espazioaren erabilera hobetzeko eta behar berriei erantzuteko, Udalak ideia-lehiaketa zabaldu zuen, arkitektura-bulegoei zuzendua. Lehiaketara aurkeztu diren zortzi proiektuen artean bost aukeratu ditu, baldintza guztiak betetzen dituztenak, eta horien artean zein gauzatuko den erabakitzeko, herritarrei zuzendutako parte-hartze prozesua zabalduko du laster Udalak.

Eremu hori eraberritzeko proiektuaren barruan, horko errepideak oinezkoentzat uzteko asmoa du Udalak. Horrela, jolasean aritzen diren haurren segurtasuna bermatuko da, eta eremua zabaldu egingo da. Hauek dira oinezkoentzako izatera pasatuko diren errepideak: Arrantzale kalearen azken zatia, Arkaitz tabernaren paretik anbulatorioraino, eta Kaia kalearen anbulatorioaren pareko zatia.

Eremua oinezkoentzakoa bihurtzeko lanak aurrerago egiteko asmoa zuen Udalak, hirigintza-proiektu osoarekin batera. Baina inguruan egiten ari diren obra batek anbulatoriorako sarbidea zailtzen du, eta lan horiek aurreratzea erabaki du Udalak.

Eremuaren pintaketa-lanak, beraz, asteazkenean hasiko dira, ekainaren 5ean, eta une horretatik aurrera, baimendu gabeko ibilgailuek debekatuta izango dute zehaztutako gune horretan sartzea.