Maiatzean iragarrita bezala, aurtengo udan ere txu-txu trenaren zerbitzua emango du Orioko Udalak. Zerbitzuak hainbat berritasun izango ditu: iazkoa baino ibilbide laburragoa egingo du eta trena irisgarria izango da. Horrez gain, trenaren erabilera sustatzeko, Udalak 10 euroan jarri du salgai uda osoko bonua, ekainaren 24ra arte.
Hain zuzen ere, ekainaren 24an abiatuko da txu-txu trenaren zerbitzua, eta Udalaren helburua izan da herritarrei bonua merkeago erosteko aukera ematea udako denboraldia hasi aurretik. Ekainaren 24tik aurrera ere salgai egongo da bonua, baina 20 euroan.
Bonua turismo-bulegoan erosi behar da eta, han, bonuaz gain, joan-etorriko txartelak ere egongo dira salgai. Aurten, ordea, ez da 10 txarteleko bonurik salduko eta, hortaz, txu-txua erabiltzeko asmoa duenari errentagarriagoa zaio denboraldiko bonua hartzea. Horrez gain, Udalak oroitarazi nahi du iazko txartelak ez direla balekoak aurtengo zerbitzurako.
Bonua eskuratzeko, eskaera-orri bat bete behar da turismo-bulegoan, eta karnet tamainako argazki bat entregatu. Animatu bonua garaiz egitera!