San Pedro festen inguruko oharrak

Guztia prest da San Pedro festetarako. Txupinazoa botatzeko ordu gutxi gelditzen dira eta Orioko Udalak azken oharrak eman nahi ditu: plaza eta herriko sarrera trafikoarentzat itxiko dira, eta eguraldiagatik, zenbait ekitaldiren kokapenek eta ordutegiek aldaketak izan ditzakete.

Eguraldiari begira

Eguraldi-iragarpenaren arabera, euria egin dezake festetan, zenbait unetan. Momentuz, larunbaterako markatzen du euri gehien. Gauzak horrela, ekitaldi batzuen ordutegiak, kokapenak eta ibilaldiak aldatu daitezke. Orioko Udalak garaiz komunikatuko ditu aldaketa horiek sare sozialen bitartez.

Trafikoa

Bestetik, gogoratu Herriko Plaza eta herrigunerako sarbidea itxita egongo direla autoentzat ekainaren 28ko arratsaldetik hasita (18:00etatik aurrera). Egunero, 08:00etatik 11:00etara zabalduko da zamalanetarako, baina gainerakoan, itxita egongo da uztailaren 1eko 8:00ak arte.

Horrez gain, ekainaren 30ean, igandearekin, Donostiako Memorial Onditz triatloia pasatuko da herritik. Usurbil aldetik etorriko dira txirrindulariak, N634 errepidetik, eta Igeldorako bidea hartuko dute Txankatik barrena; ondorioz, Txankako aldapa eta Benta bidea itxita egongo dira 10:00etatik aurrera. Probak, gainera, Arrantzale Eguneko kalejirarekin kointzidituko duenez, goizeko 11:00etatik 11:30era, bide bakarra egongo da zabalik herrira sartzeko eta herritik irteteko: autopistako irteera, Hondartza bidetik.

Musika protagonista

Aurten, gainera, musika-eskaintzan jarri nahi izan du begia Orioko Udalak: Yogurinha Borova, Haizea Harrosa eta DJ eromena izango dira lehen gauean. San Pedro egunean, berriz, Txista Gaua izango da, eta herriko disko-jartzaileak arituko dira plazaren erditik.

Igandean, bestetik, sesio bikoitza izango dugu: arratsaldez Bide Batez taldearen erromeria Herriko Plazan, eta gauean Les Testarudes talde katalana, 12 emakume gaztez osatua.

Bada azken orduko beste aldaketa bat ere: azkenean ez da trikitilari txapelketarik jokatuko, hiru bikotek bakarrik eman dutelako izena. Horren ordez, Ostolaza eta Larrañaga trikitilari-bikoteak alaituko du San Pedro eguerdia.