Josu Iztueta bidaiari tolosarrak eta Antxon Arza iruindarrak Estatu Batuetan barrena egindako bidaia kontatzen du ‘Biziminez’ dokumentalak. Zuzendaria Pablo Dendaluze da eta gidoia ere berak landu du, Josu Iztuetarekin batera. Musika Juantxo Zeberiok jarri dio.
Solasaldia Josu Iztuetarekin
Proiekzioa kultur etxeko areto nagusian izango da ostegunean, martxoak 9, 19:30ean hasita. Dokumentalaren protagonistetako bat, Josu Iztueta, bertan izango da eta, dokumentala ikusi ondoren, bertaratzen direnek aukera izango dute galderak egiteko eta berarekin hitz egiteko.
Bi lagun, kanpoko nahiz barruko paisaiei begira
Antxon Arzak eta Josu Iztuetak aspalditik ezagutzen dute elkar eta, lehen ere, elkarrekin bidaian ibilitakoak dira. Antxon Arzak istripua izan zuen 2000. urtean, Venezuelako ur-jauzi batean eta, ondorioz, gurpil-aulkian dabil orain. Horrek, jakina, zenbait muga ekarri dizkio, baina ez du galdu bidaiatzeko eta esperientzia berriak bizitzeko grina. 2015ean bidaia egin zuen Amerikako Estatu Batuetan barrena Josu Iztueta lagunarekin. Hiru aste egin zituzten furgonetan, New Yorketik abiatu eta Mendebaldeko kostalderaino, San Frantziskoraino. Bidaia horretan Estatu Batuetako toki ikusgarrienetako batzuk bisitatu zituzten; baina begirada, kanpoko paisaia horietan adina, barrura zuzenduta. Bidaia horren kronika intimoa jasotzen du dokumentalak.
Josu Iztuetaren hitzetan, mendiari buruzko dokumentaletan lehen oso presente zeuden baloreak txertatu nahi izan dituzte dokumental honetan: elkartasuna, adiskidetasuna, esperientzia partekatuak…
Pablo Dendaluze tolosarrak filmatu zituen irudiak eta berak editatu eta muntatu du 42 minutuko dokumentala. 2015eko abenduan Bilboko Mendi Film Festivaleko sekzio ofizialean lehiatu zen.
Dokumentala euskaraz egina dago eta, beharrezko bada, gaztelaniazko azpitituluak jartzeko aukera dago.