Txu-txu trenari buruzko oharrak

 

Ekainaren 24an jarri zen martxan aurtengo txu-txu trenaren zerbitzua. Herrigunearen eta hondartzaren arteko lotura egiten du ordu erdiro, ordutegi honetan: 11:30-14:00 eta 16:00-20:30. Zerbitzuaren helburua da herritarrei Antilla hondartzarako joan-etorria erraztea, autoan joateko beharrik izan ez dezaten.

Txu-txuaren kudeaketa ez da erraza. Udalaren trena oso zahartua zegoen eta askotan matxuratzen zen; horrek arazoak sortzen zituen, eta zerbitzua bertan behera geratu behar izaten zen egun askotan. Horren aurrean, zerbitzua azpikontratatzea erabaki zuen Udalak iaz aurrenekoz, baina erabaki horrek ere zailtasunak planteatzen ditu, gutxi direlako Udalak jarritako baldintzak betetzen dituzten ibilgailuak, eta herriak berak, urbanistikoki, muga batzuk dituelako.

Aurtengo trenaren berezitasunak

Denboraldia hasi aurretik azaldu zuen bezala, Udalak erabaki du aurten trenaren irisgarritasuna eta segurtasuna lehenestea. Ondorioz, tren modernoagoa ekarri da herrira, gurpildun aulkiak igotzeko aukera ere ematen duena. Baina txu-txu tren bat izaten jarraitzen du, eta ondorioz, ez ditu garraio publikoek eskaintzen dituzten erraztasunak: aulkiak igotzeko aldapak, leihoak, aire girotua…

Horri lotuta, trenak ez du aukerarik ematen alboetan itxiturak jartzeko eta, beraz, euria egiten duenean, busti egiten da barrualdea. Aurten orain arte izan dugun eguraldi bustiarekin, trenaren erabilgarritasuna oztopatu du horrek.

Txartelen erosketa

Txartelen erosketak ere gorabeharak sortu ditu azken urteetan, eta horren aurrean, trena uda osoan erabiltzeko bonuak jarri dira aurten salgai turismo-bulegoan; zerbitzua martxan jarri arte, 10 euroan egon ziren salgai eta, ordutik, 20 euroan daude. Bonuaz aparte, joan-etorriko txartelak ere erosi daitezke turismo-bulegoan, 1,50 euroan. Joan-etorriko txartelak gidariak berak ere baditu, baina kreditu-txartelarekin bakarrik eskuratu daitezke trenean.

Balorazioa, denboraldia amaitutakoan

Aurtengo uda pasatutakoan, herritarren iritzia jasoko du berriz Udalak, zerbitzuaren balorazioa egiteko eta aurrera begira nola jokatu erabakitzeko.