Donibane Lohizuneko Ur-ikara elkarteak antolatzen duen Teink Trofeoa batel-txapelketaren partaideak izango ditugu Orion ostegunetik ostiralera, uztailaren 25etik 26ra. Aurreko urteetan egin ohi duten bezala, kiroldegian egingo dute lo eta herriko plazan afalduko dute.
Teink Trofeoaren 31. edizioan parte hartzen duten batelak Castrotik aterako dira gaur, uztailaren 22an, eta ia 85 itsas miliako (157 km) distantzia egingo dute, uztailaren 27an Donibane Lohizunera iritsi arte. Tartean, Orion porturatuko dira ostegunean, 4. etapari amaiera emanez; 14:00-15:00 inguruan iritsiko dira Herriko Plazaren parera. Biharamunean, goizean, txapelketa berrabiatuko dute Donostiara bidean.
Batelak 5 eta 6 metro bitarteko ontzi txikiak dira, historikoki Euskal Herriko kostaldeko arrantza txikian erabili izan direnak. 1993an 4 lagunek euskal kostaldea zeharkatu zuten arraunean, bidean zenbait geldialdi eginez, Teink izeneko batelean. Esperientzia hartatik sortu zen Teink Trofeoa hurrengo urtean.
Teink ez da itsas txapelketa soila: Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko senidetasun-gunea ere bada eta hor elkartzen dira kultura, tradizioak eta itsasoa maite dutenak, bizipenak eta esperientziak trukatzeko.