Eskolako Agenda 21 programak badaramatza martxan urte batzuk Orion. Programa horren barruan, udalbatzar berezi bat egin ohi da, herriko ikasleei aukera emateko ingurumenari buruz dauzkaten kezka eta proposamenak planteatzeko.
Aurtengo udalbatzar berezi hori maiatzaren 24an egingo da, asteazkenarekin, 10:00etan hasita, Orioko udaletxean. Ekitaldi irekia izango da eta bertan parte hartuko dute bi ikastetxeetako ikasleen ordezkariek, zinegotziek eta bertara azaldu nahi duten herritarrek.
‘Ekitatea eta klima aldaketa’ izan da aurtengo gaia
Urtero gai nagusi bat planteatzen da, Eskolako Agenda 21 programaren barruan, ikasleek lantzeko. Ikasturte honetan landu dutena hau izan da: ‘Ekitatea eta klima aldaketa’.
Gai hori landu dute Orioko ikasleek beren zentroetan eta, lanketa horren ostean, Eskolen Arteko Foroan bildu ziren bi ikastetxeetako ikasleen ordezkariak apirilean. Foroaren bilera ikastolako aretoan izan zen eta bertan maila guztietako 39 ikaslek parte hartu zuten. Foroan Orioko egoera aztertu zuten, ekitatearen eta klima aldaketaren ikuspegitik eta hainbat proposamen zehaztu zituzten, Udalari planteatzeko.
Ekitaldi irekia
Asteazkeneko udalbatzarrean ikasleek egin duten lanaren berri emango diete udal ordezkariei, eta beren proposamenak planteatuko dizkiete zuzenean. Udal ordezkariek proposamenak jaso eta erantzungo dituzte edo, momentuan erantzuteko modurik ez badago, aztertzeko konpromisoa hartuko dute.
Udalak gonbita egiten die herritarrei, udalbatzar berezi honetan parte hartzeko.