Balbulak jarriko ditu Udalak moilako hodietan, errioko ura saneamendu-sistemara ez sartzeko

Azken urteetan Udalak hainbat neurri hartu ditu uholdeak saihesteko, eta horien berri eman zuen urrian kaleratutako oharrean. Testu hartan, Udalak aurreikusi zuen beste zenbait hobekuntza egingo zituela gerora, tartean, euri-urak ibaira husteko puntuen azterketa. Azterketa horrek agerian utzi du orain arte balbularik behar ez zuten moilako zenbait hodik balbularen beharra dutela orain, marea handiak lehen baino gorago iristen direlako. Hori dela-eta, balbula horiek jartzeko lanak egingo ditu Udalak ostegun honetan hasita.

Balbula horiei esker, marea handiko egunetan, errioko ura ez da sartzen hodietara, eta ez du saneamendu–sistema blokeatzen.

Balbulak jartzeko lanak Iragaz enpresak egingo ditu, eta 2-3 egun iraungo dute.